2014(e)ko otsailaren 26(a), asteazkena

Itsaso

Lurralde asko daude, ezezagunak niretzat. Ez naiz biziko ere, behar adina denbora, nahi dudan oro ezagutzeko. Baina bada, lurraldetxo bat, menditxoz betea, bidetxoz irekia, eskuz idatzia, ahoz oihukatuak, elkarrekin ezagutu duguna. Hurbil ez izanagatik ere, beti jarraitu dugu altxor berriak aurkitzen. Berezitasunez beteriko lagun, erakutsi diezaiegun, begiak arrainen modura zabalik dituzten hauei, gure lurraldetik apur bat.


Itsasoaren aintzinean, gainean eta barnean, asko idatzi da, eta idatziko da. Zuk, orain, ez duzu aurrez aurre ikusten ahal, ez usaintzen. Ezingo dizut usainik bidali, baina irudi honekin, irudika dezakezu, amestu akaso. Nonbaitetik, nonbaiten, itsaso zabalari so, kresalari sentimentuak eskainiz, idatzi irribarreak, marraztu malkoak.

2014(e)ko otsailaren 24(a), astelehena

Gabon!

"Gabon!"

Ingurura begiratu dut. Txundituta nago. Bada denbora iada hitz hau entzun ez dudala. Badira urte batzuk hitz honek norabide ezberdinetatik ihes egin eta "Bona nit", "Buenas noches", "Dormé bien", "Good night" eta horrelakoetan bihurtu dela. Inoiz jaso dut Gabon! bat whatsappean, agian facebookean eta asko jota Skype batean. Baina iada ahantzirik neukan nolakoa zen bere doinua.

Berriro ingurura begiratu dut. Eta bai, arrazoia nuen. Uste bezala inor ez zen hitz horien jabe. Ziurrenik haizeak oparitxo bat ekarri nahiko zidan. Eta agian zure ezpainek xuxurlatu dituzten hitzak nire belarrietaraino ekarri ditu. Nik badaezpada irribarre egin dut. Ez harritu nire begien dirdirak iratzartzen bazaitu.

Denbora atzera bota behar da blog honen jatorria ezagutzeko. Egun batean ideia bat bezala baino gehiago promesa bat bezala honi buruz hitz egin nizun. Eta askotan, nire agintza bete ez dudala sentitu dut. Jatorria, nire hitzetan aurkitu dezaket. Nire ezkutuko hitzetan. Aldiz, nondik norakoak eskutitz bihur nahiko nituzke. Badakizu, zure laguntza behar dut honi nolabaiteko forma emateko. Zure laguntza behar dut isiltasunak apurtzeko. Baina batez ere, badakizu, zure laguntza behar dut nire hitz burrunbak isiltzeko.

Hau da, zure laguntza behar dut gure eskutitzak sortzeko. Gure ezkutuko hitzak xuxurlatzeko.

Esku bat bota nahi?