2014(e)ko martxoaren 24(a), astelehena

Etorri da. Etorri dira.

Arnas erritmikoa amaitu da. Kantabriako itsasertzeko egonaldia ere amaitu zait. Baina, ez dauzkat begiak ireki beharrik, eguna ere esnatu dela sentitzeko. Horrela jarraitu dut une batez.Umeak entzuten ditut. Agian Alec ek autoa lapurtuko zion txikiari. Ziurrenik kolpetxoren bat jasoko zuen sari moduan... Haurrak…
Hala ere, urrunago beste soinutxo batzuk entzuten ditut. Txio txio dio norbaitek. Txrrr txrr erantzuten dio beste norbaitek. Arnasa hartu dut eta mila aroma ezberdinek hartu dute nire biriketarako bidea. Eguzkia ere sentitzen dut nire gorputz biluzian. Ederra da gaur goiza.

Begiak zabaldu ditut. Orain ulertzen dut, sekretua oihukatu dit  egutegiak. Martxoak 21a dela kontatu dit. Iritsi omen da udaberria. Udaberria. Honenbeste esaeren guraso, hainbeste ipuinen gotorleku. Hainbat amodio istorioren hasiera, beste askoren amaiera puntu. Batzuentzat epeltasunaren eta maitasunaren urtaroa omen da, besteentzat, aldiz, udarara iristeko aldapa amai gabea. Ni bigarren talde honen aldeko izendatu naiz bizitza osoan. Agian, eskolako azken txanpa hau gogorra izaten delako. Edo beharbada, maitasuna nirekin bat ez datorren zerbait dela uste izan dudalako. Auskalo. Hala ere ezin esan oso garai gogokoa izan dudanik hau.

Baina, orain, iritsi da udaberria. Eta irribarrea ekarri du berarekin bidai lagun. Oroitzapenak ere maletan sarturik dituela eta, hor oroitu naiz soineko berria jantzi eta Loiolako bidea egin nuen egun huraz. Baita, Zumaiako hondartzan eguzkia ezkutatzen ikusi nuenekoa. Eta nola ahantzi, igandeko entrenamentu ondoren futbol zelaian zuekin igarotako momentuak. Gogoan dut nola balkoiko sofan etzan eta irakurtzen nuen. Baita patinak jantzi eta tirrist tarrast ibili izan ginela. Oroitzapenak, eguzkia, irribarrea, zoriona. Balio berri bat hartu dit aurten udaberriak. Eta, gogoko dut!


Etorri da. Etorri dira. Mila kolore, mila usain, mila sentipen… baina batez ere, mila irribarre. 



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina