2014(e)ko martxoaren 24(a), astelehena

Etorri da. Etorri dira.

Arnas erritmikoa amaitu da. Kantabriako itsasertzeko egonaldia ere amaitu zait. Baina, ez dauzkat begiak ireki beharrik, eguna ere esnatu dela sentitzeko. Horrela jarraitu dut une batez.Umeak entzuten ditut. Agian Alec ek autoa lapurtuko zion txikiari. Ziurrenik kolpetxoren bat jasoko zuen sari moduan... Haurrak…
Hala ere, urrunago beste soinutxo batzuk entzuten ditut. Txio txio dio norbaitek. Txrrr txrr erantzuten dio beste norbaitek. Arnasa hartu dut eta mila aroma ezberdinek hartu dute nire biriketarako bidea. Eguzkia ere sentitzen dut nire gorputz biluzian. Ederra da gaur goiza.

Begiak zabaldu ditut. Orain ulertzen dut, sekretua oihukatu dit  egutegiak. Martxoak 21a dela kontatu dit. Iritsi omen da udaberria. Udaberria. Honenbeste esaeren guraso, hainbeste ipuinen gotorleku. Hainbat amodio istorioren hasiera, beste askoren amaiera puntu. Batzuentzat epeltasunaren eta maitasunaren urtaroa omen da, besteentzat, aldiz, udarara iristeko aldapa amai gabea. Ni bigarren talde honen aldeko izendatu naiz bizitza osoan. Agian, eskolako azken txanpa hau gogorra izaten delako. Edo beharbada, maitasuna nirekin bat ez datorren zerbait dela uste izan dudalako. Auskalo. Hala ere ezin esan oso garai gogokoa izan dudanik hau.

Baina, orain, iritsi da udaberria. Eta irribarrea ekarri du berarekin bidai lagun. Oroitzapenak ere maletan sarturik dituela eta, hor oroitu naiz soineko berria jantzi eta Loiolako bidea egin nuen egun huraz. Baita, Zumaiako hondartzan eguzkia ezkutatzen ikusi nuenekoa. Eta nola ahantzi, igandeko entrenamentu ondoren futbol zelaian zuekin igarotako momentuak. Gogoan dut nola balkoiko sofan etzan eta irakurtzen nuen. Baita patinak jantzi eta tirrist tarrast ibili izan ginela. Oroitzapenak, eguzkia, irribarrea, zoriona. Balio berri bat hartu dit aurten udaberriak. Eta, gogoko dut!


Etorri da. Etorri dira. Mila kolore, mila usain, mila sentipen… baina batez ere, mila irribarre. 



2014(e)ko martxoaren 10(a), astelehena

Arnasak eramaten gaitu urrun



Arnasak eramaten gaitu urrun. Pentsatu gabe egiten dugun gauza bat dugu, arnastea, eta pentsatzen dugunean, gaizki gabiltzan seinale, edo besoak zabalik itsaso bazterren bateko zelai batean, birikak zabalik, haizearen aurka bultzaka gauden seinale. Askorik ohartu gabe garamatza, alde batetik bestera haizeak, eta behar dugula nabaritzen dugunean, zein gaizki. Gutxi dira gai, oxigeno falta bere neurrian baloratzeko, gaixoren batzuk akaso, urpekariak apika, mendizaleak tarteka. Ez gara ohartzen zer dugun esku artean, bide batez, kezkatuak gaude ez dugulako nahikoa arropa, udaberrirako, udaberrian arropak kendu egin behar direnean, zein polita soineko berdea, orban zuriekin. Altuerak kendu izan dit, urak lapurtu bertan murgiltzean, eta gaitzak baita eraman. Oinarrizko beharrak betetzen ditudanean, lasai sentitzen nabil azken astean, lo, jan. Nekea da hitzik egokiena, arnasten ere nekatu, haizea biriketara eramaten nabaritu eta horretan saiatu, behin eta berriz birikak ganoraz betetzen. Ugarik dutena delako, beti hor dagoenez, ahaztu egiten zaigu sarritan, duen boterea. Badira teoria psikologikoak, konspirazioetan oinarrituak, zientzian, naturan edo erlijioan.  Baina, ez nago geldirik, arnasak eramango gaitu beste behin, urrun. 


2014(e)ko martxoaren 5(a), asteazkena

Amaiera gabeko arratsei begira.

Zure amets lokartuei buruz irakurtzen nuen bitartean amets iratzarriak agertu zaizkit niri. Amaiera gabeko arratsei begiratu diet. Eguzki izpiek, goxotasunez, melodia lasaiak berpiztu diztuzte nire belarrietan. Nire ametsek beste bizitza baterako pasaportea izan beharrean, denbora makina bat dute beraien artean. Eta bizitza zahar batetan ohikoa litzateken hondar zatira eraman naute.
Zuk, eginiko hanka sartzeak ez direla errepikatuko diozu. Nik errepika daitezen behatzak gurutzatuko ditut. Edo ez, agian ez. Agian, nik ere aukera berri horren desira daukat barnean, ez ordea dena eraikitzen hasteko adorea.
Inoiz, urrunera ihes egin nuenean, amets horiek errealitate bihurtuko nitueneko esperantza izan arren, dena ezabatu ondoren indarrek edo adoreek (nork daki bat baino gehiago ez ote dagoen...) ihes egin zidaten. Itsasoak, han ere, laguntza eskatu zidan. Are urrunago ihes egin behar izan nuen guztia berreraiki eta birkokatzeko.
Guztia? Ez, guztia ez. Horretarako, ametsei dei egiten diet. Ametsei dei egiten diet. Ametsei dei egiten diet.

Amaiera gabeko arratsei begira.


2014(e)ko martxoaren 4(a), asteartea

Sigo siendo

Aurreko baten, zinera joan nintzen. Peruko musikarien eta musikaren, inguruko pelikula-dokumental bat ikusi nuen, gomendagarria zeharo. Baina ostirala zen, aste gogorra izan nuen eta lo hartu nuen, edo ez. Bapatean, amestu nuen Perun nengoela, Quechueraz hitzegiten herri txiki bateko haurrekin, bertako irakasle nintzela. Beharrezkoa soilik nuen, ongi eta gustora bizitzeko adina, ez nuen zelularrik, ez autorik. Beste bizitza bat, agian aukera berri bat, dena eraikitzen hasteko aukera bat, baina jakinik, aurretik eginiko hanka sartzeak, ez direla errepikatuko.

http://www.youtube.com/watch?v=nsxvHH1Ss8E