2014(e)ko otsailaren 26(a), asteazkena

Itsaso

Lurralde asko daude, ezezagunak niretzat. Ez naiz biziko ere, behar adina denbora, nahi dudan oro ezagutzeko. Baina bada, lurraldetxo bat, menditxoz betea, bidetxoz irekia, eskuz idatzia, ahoz oihukatuak, elkarrekin ezagutu duguna. Hurbil ez izanagatik ere, beti jarraitu dugu altxor berriak aurkitzen. Berezitasunez beteriko lagun, erakutsi diezaiegun, begiak arrainen modura zabalik dituzten hauei, gure lurraldetik apur bat.


Itsasoaren aintzinean, gainean eta barnean, asko idatzi da, eta idatziko da. Zuk, orain, ez duzu aurrez aurre ikusten ahal, ez usaintzen. Ezingo dizut usainik bidali, baina irudi honekin, irudika dezakezu, amestu akaso. Nonbaitetik, nonbaiten, itsaso zabalari so, kresalari sentimentuak eskainiz, idatzi irribarreak, marraztu malkoak.

1 iruzkin:

  1. Han urrunean itsasoaren gardentasunak gezurrik ezkutatuko ez duelakoan, maiz ihes egin dugu. Han urrunean eguzki izpiek beti argituko gaituztelakoan, maiz ihes egin izan dugu. Han urrunean inoiz sentitu gabeko gauzekin topo egingo dugulakoan, maiz ihes egin dugu. Beti bezala, han urrunean dena hobea izango delakoan...
    Baina, han urrunean ere itsasoak gure beharra duelakoan gaude. Beraz, han urrunean ere malkoak marrazten iardugu.

    ErantzunEzabatu