2014(e)ko apirilaren 16(a), asteazkena

Oporretan daude.





Mendia, hondartza, aireportuak, batzuk zorte gutxiagoz autobusa, urrun, bertan, gelditu gabe, deskantsatzen, ihes egiten, maite dituztenekin elkartzen…

Gaurko eguna, beste asko bezalakoa izan da. Eguzkitsua eta luzea. Gaurko afaria, beste askotan bezalakoa izan da. Buka ezina eta goxoa. Gaur, beste askotan bezala, egun amaieran eguna amaitu dela pentsatu dut. Bainua prestatu dut. Arropak erantzi ditut. Eta behatz puntak tenperatura berotik apurtxo bat pasatzen dela gogorarazi dit. Niri gustatzen zaidan bezala erantzun dit irribarre batez ispiluak. Oinak. Ipurdia. Gero, belaunak. Apurka apurka, zilborra. Titiak. Ilea eta lepoa. Lagun beti bezala. Ezpainak. Sudurra. Betileak eta segidan begiak. Hauek ere banaezinak. Kopetak beretzat lekurik izango ez ote duen duda mudan ibili ondoren, beste guztiei jarraitu die. Eta orduan iritsi dira belarrietara egun hauetan ikusitako hitz guztiak…

Mendia, hondartza, aireportuak, batzuk zorte gutxiagoz autobusa, urrun, bertan, gelditu gabe, deskantsatzen, ihes egiten, maite dituztenekin elkartzen…

Ozen iritsi dira. Mila ahotsetan. Hizkuntza desberdinetan. Irribarrez beterik.

Bai, hiru hilabete eta erdi badira dagoeneko itzuli nintzela. Hitz horiek guztiek errepikatu didate hau. Oporrak diote. Oporrak, berriro. Non zaudete? Iristen dira belarrietara. Apurka apurka. Burutik igaro ondoren, bihotzari iristen zaizkio. Eta honek begiei ematen die aukera erantzuteko. Non zaudete? Eta bidea berbera da, erantzuna berdina.

Egunek hegaka dihardute oraindik. Azkarrago joan al litekeen galdegiten diet nik hala ere. Oporrak diozuen guztiontzat ulergaitza izan arren, nik galderaka jarraituko diet.   


Belarriak entzutea utzi nahi omen dute. Begiek ere ikusteari uko egin nahian dabiltza. Birikek gabeziaren bat ere badute. Guztia azkarragoa izan da oraingoan. Burua, lepoak jarraikiz. Besoak. Eta ipurdia. Behatz puntak, kanpoko hoztasunaz berri eman aurretik guztiz tapatu naiz. Beraz, nola jakin zer pasatzen den hor kanpoan?