Mendia,
hondartza, aireportuak, batzuk zorte gutxiagoz autobusa, urrun, bertan, gelditu
gabe, deskantsatzen, ihes egiten, maite dituztenekin elkartzen…
Gaurko eguna,
beste asko bezalakoa izan da. Eguzkitsua eta luzea. Gaurko afaria, beste
askotan bezalakoa izan da. Buka ezina eta goxoa. Gaur, beste askotan bezala,
egun amaieran eguna amaitu dela pentsatu dut. Bainua prestatu dut. Arropak
erantzi ditut. Eta behatz puntak tenperatura berotik apurtxo bat pasatzen dela
gogorarazi dit. Niri gustatzen zaidan bezala erantzun dit irribarre batez ispiluak.
Oinak. Ipurdia. Gero, belaunak. Apurka apurka, zilborra. Titiak. Ilea eta
lepoa. Lagun beti bezala. Ezpainak. Sudurra. Betileak eta segidan begiak. Hauek
ere banaezinak. Kopetak beretzat lekurik izango ez ote duen duda mudan ibili
ondoren, beste guztiei jarraitu die. Eta orduan iritsi dira belarrietara egun
hauetan ikusitako hitz guztiak…
Mendia,
hondartza, aireportuak, batzuk zorte gutxiagoz autobusa, urrun, bertan, gelditu
gabe, deskantsatzen, ihes egiten, maite dituztenekin elkartzen…
Ozen iritsi dira.
Mila ahotsetan. Hizkuntza desberdinetan. Irribarrez beterik.
Bai, hiru
hilabete eta erdi badira dagoeneko itzuli nintzela. Hitz horiek guztiek
errepikatu didate hau. Oporrak diote. Oporrak, berriro. Non zaudete? Iristen
dira belarrietara. Apurka apurka. Burutik igaro ondoren, bihotzari iristen
zaizkio. Eta honek begiei ematen die aukera erantzuteko. Non zaudete? Eta bidea
berbera da, erantzuna berdina.
Egunek hegaka
dihardute oraindik. Azkarrago joan al litekeen galdegiten diet nik hala ere.
Oporrak diozuen guztiontzat ulergaitza izan arren, nik galderaka jarraituko
diet.
Belarriak
entzutea utzi nahi omen dute. Begiek ere ikusteari uko egin nahian dabiltza.
Birikek gabeziaren bat ere badute. Guztia azkarragoa izan da oraingoan. Burua,
lepoak jarraikiz. Besoak. Eta ipurdia. Behatz puntak, kanpoko hoztasunaz berri
eman aurretik guztiz tapatu naiz. Beraz, nola jakin zer pasatzen den hor
kanpoan?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina